XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

4. Lardizabalen liburuak

Garmendiak kontatzen duenez (1977: 166 hh.) paperak 1909 edo 1910ean erreak izan ziren; liburuak, ordea, Lasa familiaren Zelaa baserrian utziak, baina gerra baino pixkat lehenago, ikusteko aitzakiarekin norbaitek eraman omen zituen, gaur ez dakigularik non diren 73 Badirudi Testamentuaren eskuizkribua, bera bakarrik iritsi zela Azkueren eskuetara: gutxienez, ez dago oraingo Bibliotekan Lardizabalena zela suposatu beharko genukeen Larregiren alea, inoiz Norbert Tauer-ena izan zena (eta bakarrik 2. liburukia) baizik..

Geratzen dena Garmendiak katalogatu du (eta Donostiako Elizbarrutiko Histori Artxiboan egon daiteke dagoenekoz), baina ez da bertan euskarazko ezer, katalogoa nolanahi ere beharbada interesgarria den arren Lardizabalen idatzien iturriak arakatzeko.

Halaz ere, ez dirudi, guri dagokigunez, historia sakratuzkorik dagoenik.

5. TZB edo Lardizabalen idazkeraz zertxobait 74 Ondoko lerroetan azalduko dugunaren oinarria ezinbestean aipatu Azkueren lana da, baina, berak esan bezala, aste ta erdiko lana izaki (aip. lan 338), nahitaez hasikina besterik ez dugu bertan aurkituko. Ondoren etorri den bakarra, F. Mendizabalen Lardizabalen euskeraz zertxobait (Euskera 1956, 183-205), bestearena gehienetan hitzez hitz kopiatzeaz landa ezer gutxi eransten dio, Azkuek bere hiztegian ez jasotako hitzen atzeko zerrenda interesgarria izan ezik.

5.1. Testamentuaren iturriak

Lardizabalen iturrien auzia erabakitzeke dago, ikerketan abiatzeko aztarna argi zenbait badugu ere.

Auzia, nonbait egotekotan eta beste hipotesirik agertu ezean, hiru izenetan datza: Larregi, Larregiren iturria izan zen Royaumonten liburua bera, eta Ubillos.

Larregi eta Ubillos, ordura arteko euskal historia sakratugile bakarrak, biak Itz-aurrea-n aipatzen ditu eta, esan dezagun aurretiaz, ez dago inolako zalantzarik egiterik mahai gainean ere izan zituela: (...)